SINOPSIA
1937. Karmele eta haren familia Frantzian erbesteratzen dira, gerraren ondorioz etxetik kanporatuak izan ondoren. Han, Karmelek erbesteko euskal enbaxada kulturalaren proposamena jasotzen du, dantza- eta musika-ikuskizunen bitartez gerraren kontra borrokatzeko. Bertan, Txomin ezagutzen du, tronpeta-jole profesional bat, eta harekin maitemintzen da. Denboraldi batean Venezuelan bizi ondoren, bikotea etxera bueltatzen da, kendu zieten guztia berreskuratzeko esperantzarekin..
* * *
'KARMELE' drama historiko eta hunkigarri bat da, musikaren presentzia handiarekin. Protagonistak Jone Laspiur ('Faisaien Irla’, 'Maixabel', 'Akelarre’, 'Ane') eta Eneko Sagardoy ('La Canción', 'Irati', 'Patria', 'Handia') aktoreak dira, biak Goya saridunak. Elkarrekin lan egiten duten lehen aldia da, eta bikote bati ematen diote bizitza: haiek dira Karmele eta Txomin. Haiekin batera daude Nagore Aranburu (‘Querer’, ‘Irati’) eta Javier Barandiaran ('La infiltrada', 'Maixabel’), Karmeleren gurasoen paperean.
Asier Altuna zinemagileak idatzi eta zuzendu du fikziozko film luze hau, Kirmen Uribe idazlearen 'Elkarrekin esnatzeko ordua' eleberrian oinarrituta. Eleberria, era berean, Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren benetako bizitzetan inspiratuta dago. Zortzi hizkuntzatara itzulita dago eta hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Espainiako Kritika Saria (euskarazko narratibari) eta Akademia Saria (urteko liburu onenari).
Zuzendariaren hitzetan: “'KARMELE' kulturak, musikak eta arteak zipriztindutako bidaia bat da. Beti erakarri izan naute hainbat belaunaldi biltzen dituzten historia familiarrak. Karmele gazte-gaztetatik muturreko egoerei aurre egin behar dien emakume bat da, ausarta eta konprometitua, bere ideiekiko kontsekuentea eta horiek beti irmo defendatzen dituena. 'Karmele'-k askatasun ezaren aurrean pertseberantzia, borroka eta duintasuna zer diren erakusten digu”.
'KARMELE'-k bikote baten eta haren familiaren odisea zirraragarri eta iradokitzailea erakusten digu, kontinente batetik bestera jauzian, XX. mendearen lehen erdian. Gure iragan hurbileko istorio epiko bat da, baina, aldi berean, gaurkotasuna duten gai unibertsal eta atenporalak ukitzen ditu, hala nola maitasuna, familia, kultura eta askatasuna.
'KARMELE' proiektuari lau urtetik gorako lana eskaini dio Asier Altunak, Marian Fernández Pascal (‘Intimidad’; ‘Oreina’; ‘Amama’) ekoizle eragile eta Txintxua Films ekoiztetxearen arduradunarekin batera. Zinemagileak bere ohiko lantaldea izan du ondoan, euskal zinemagintzako profesional aitortuek osatzen dutena: Ander Sistiaga (‘La trinchera infinita’; ‘Handia’ −Goya saria−) Produkzio Zuzendaria; Javier Agirre (‘La trinchera infinita’; ‘Handia’ −Goya saria−; ‘Amama’), Argazki Zuzendaria; eta Zaloa Ziluaga (‘Volver’, ‘Cuando dejes de quererme’), Arte Zuzendaria.
Musika pelikularen hari garrantzitsua da: euskal musika, jazza, boleroak eta guarachak entzungo dira. Soinu-banda pertsonaien bidelagun da eta istorioa aberasten du.
Aitor Etxebarria ('El cuerpo en llamas', 'Intimidad’) da musikaren konpositorea.
*Caramel pelikula bat, iparraldeko area zinematografikoan BARTONFILMS banatua* Gaztelaniaz eta Euskaraz


